Korporatiboa

Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak eta Construcciones Moyuak Eraikuntza Iraunkorreko Gela jarri dute abian

9 otsaila, 2021

Xabier Ostolaza UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako zuzendariak eta Laura Gil Construcciones Moyuako gerenteak gaur goizean sinatu dute UPV/EHU – Construcciones Moyua Eraikuntza Iraunkorreko gela abian jartzeko lankidetza-hitzarmena.

Ikasgela honen helburua da bi erakundeak elkarlanean aritzea erakuntzaren arloan, bai ikerketarekin, garapen teknologikoarekin nahiz berrikuntzarekin zerikusia duten jardueretan, bai prestakuntzarekin zerikusia duen guztian, programak, proiektuak eta jarduerak egitea bultzatuz eta bien artean ezagutza sortzea, trukatzea eta transferitzea sustatuz.

UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola erreferentziazko zentroa da irakaskuntzari eta ikerkuntzari dagokienez, eta Xabier Ostolaza ikastegiko zuzendariak adierazi duenez, “ezinbestekoa da unibertsitatearen eta enpresen arteko loturak ezartzea, ezagutzen transferentzian laguntzea eta lurraldean enplegua eta aberastasuna sor dezaketen proiektuak bultzatzea”. Halaber, azpimarratu du, “gure ikastetxean ikasgela hau martxan jartzeak balio erantsia emango dio ikasleek gure eskolan jasotzen duten prestakuntzari. Eraikuntzako, Ingeniaritza Zibileko eta Arkitektura Teknikoko gure graduek eskaintzen dituzten gaitasunak, bai eta titulazio bikoitzeko ibilbideak ere, guztiz bat datoz Energia Garbiaren eta Hiri Jasangarrien arloko lan-ildoekin, Euskadi nabarmentzen den lehentasunezko espezializazio-arlo zein aukera-eremuak izanik hauek”. Maddi Garmendia Eskola horretako irakasle, ikertzaile eta aipatutako ikasgelako zuzendariak azpimarratu duenez, “eraikuntzaren sektorearen erronkei aurre egiteko gai diren profesionalak prestatzea da gure helburua; erronka hauen artean daude, besteak beste, hiri eta lurralde eredu berriak, eraginkortasun energetikoa, irisgarritasuna, ekonomia zirkularrari lotutako etorkizuneko materialak eta iraunkortasuna. Biharko egunean, gure ikasleek lurraldean eta gizartean eragina izango duten erabakiak hartuko dituzte, eta beren prestakuntzan eraikuntza jasangarriaren kontzeptuak txertatzea ezinbestekoa da, praktika horiek etorkizuneko lanbidean aplikatu ahal izateko”.

Laura Gil Construcciones Moyuako gerenteak azpimarratu du “enpresa unibertsitatera hurbiltzeak indartu egiten duela etorkizuneko profesionalen eta enpresaren arteko lotura, eta era berean, sortzen den harreman honek erraztu egiten duela estandar berriak (efizientzia energetikoa, jasangarritasuna, ekonomia zirkularra, lanbidearekiko begirunea) aintzat hartzen dituen ingeniaritza-lanbidearekiko errespetoa bereganatzea. Balio erantsi bat da prestatzen lagundu ahal izatea eraikuntzaren sektorea, haren erronkak eta ezagutzan nahiz ikerketan oinarritutako etorkizunaren aukera ulertzen duten profesionalak”.

Ikasgela-enpresaren barruan aurreikusitako jardueren artean, honako hauek nabarmentzen dira: bisita teknikoak egitea; Gradu Amaierako Lanen bidez edo/eta Enpresekiko Lankidetza Proiektuen bidez elkarlanean aritzea, datozen urteetan Construcciones Moyuak parte hartuko duen proiektu berezietan; eta I+G+b jarduerak egitea, eraikuntzako azpiproduktuak birziklatzeari nahiz berrerabiltzeari dagokionez eta obren planifikazio-kontrolerako eta eraikuntzarako prozesuak optimizatzeko digitalizazioari dagokioenez.

Jendearentzako jendearen eraikitzailea gara.

Elkarrekin gizarte hobea eraikitzen lagun dezakegu. Gurekin lan egin nahi duzu?